Azkarren konbibentziak
Azkarrak Las Arenasera joan ziren bizikidetza egun batzuk pasatzera, zonaldeko gainontzeko taldeekin batera.
Asteburuan zehar, alde batetik, San Frantziskoren pobretuak blokean lan egin zuten. Haren pobrezia-bizipena sakondu zuten: nola bizi izan zuen modu kontziente eta borondatezkoan, bere garaiko baztertuen eta ahulen alde jarriz. Dinamika eta hausnarketa uneen bidez, sistema honen aurrean begirada kritikoa garatzeko aukera izan zuten, eta gaur egun ere haren eredutik ikasi eta gure egunerokotasunean aplikatzeko moduak aurkitu zituzten.

Bestetik, talde-lanean ere jarri zuten fokua. Taldekideen arteko harremanak aztertu zituzten, eta aurreiritziek nola eragiten duten bizikidetzan eta elkarrekiko harremanetan. Konfiantzazko espazioak sortu zituzten, non norberak bere burua askatasunez adierazi ahal izan zuen, epairik gabe, enpatia eta errespetua sustatuz.
Eguraldia ez zen lagun izan, baina hala ere, oso egun politak izan ziren: ikasteko, hausnartzeko eta bai elkar hobeto ezagutzeko, bai norberaren burua gehiago ulertzeko aukera izan zuten.


Hori bai, hurrengo egunerako indar pixka bat gorde behar izan zuten, Herrialdeko talde guztietako adar guztiekin Algortan ospatu zen irteera handiari aurre egiteko!







